joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2013/04/29

Aurkezpen bikaina

Gaur aurkezpen onak ikusi ditugu ikasgelan. Lehendabizi, ikasleek zerrendatu egin dituzte aurkezpen onen ezaugarriak. Ondoren, hiru aurkezpen ikusi ditugu: Thirst, Foot Notes eta Zimbabwe in crisis. Horrek aukera eman digu sakontzeko aurkezpen onen ezaugarrietan. Ostean, berriz, ikasleek hainbat aurkezpen egin dituzte taldeka, ikusitakoan oinarrituta.

Advertisements
joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2013/02/28

IKO 2012, Aretxabaletan

IKO2012

Aretxabaletako campusa estreinatu dugun urtean IKO 2012 taldea izango dut Proiektua 2.0 ikasgaian. Sekula baino talde handiagoa.

joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2012/02/15

IKO 2011

Hauxe da IKO 2011 taldea, eta talde honi emango diot ikasturte honetan Proiektua 2.0 irakargaia. Jende jatorra benetan.

joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2010/02/21

Berriro ere testu justifikatuaz

Egun hauetan gutun bat jaso dugu etxean, oso egokia erakusteko zelako ondorio kaskarrak eragin ditzakeen testu justifikatuak zenbait kasutan. Gutuna Elorrioko Udalak bidali die herritarrei, eta bertan informazioa bi zutabetan dator banatuta, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.

Ez dakit zergatik, seguruenik euskarari indar eta presentzia handiagoa ematearren, zutabe biei ezaugarri diferenteak eman dizkie Elorrioko Udalak: euskarazkoa letra beltzez dago idatzita osorik, eta testu justifikatuan dago antolatua. Gaztelaniazkoa, ostera, letra normalarekin dago idatzita, eta ezkerrera lerratuta. Ondorioa, okerra da, ordea:

  1. Testua letra beltzean oso egokia da hitz bat edo lerro bat nabarmentzeko, bigarren mailako izenburuak, adibidez. Testu osoan jarriz gero, berriz, testu hori nekezago irakurtzen da, euskarazkoan gertatzen den bezala.
  2. Lerro motzetan testu justifikatua erabiliz gero, aukera piloa daude errekak sortzeko testuan, kasu honetan ikusten den moduan.

Ondorioa garbia da (seguruenik testu hau idatzi zuenak besterik nahi bazuen ere): irakurlearen begiak eskuineko zutabera  doaz, gaztelaniaz dagoenera, berau errazago irakurtzen baita.

joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2010/02/16

Aste berdea

Otsailaren 15etik 19ra bitartean ez dugu eskolarik izango Proiektua 2.0 irakasgaian. Aste horretan ikasleek aste berdea izango dute, epe bat antolatzeko orain arteko portfolioa, lauhilekoa hasi zenetik lan asko izan dute-eta egiteko.

joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2010/02/08

El blog del Inquisidor

Aurten liburu bat agindu diet ikasleei, bigarren lauhileko honetan irakur dezaten: El blog del Inquisidor, Lorenzo Silvarena. Bloga izango denez proiektuaren ardatza teknologia berriei dagokienez, aprobetxatu nahi izan dut eleberri hori ikasleak beste era batean murgil daitezen gaian. Agindutako datan liburuaren kritika bat eman beharko didate.

Fakultateko liburutegian liburu horren bi ale baino ez ditugu, baina ikasleek Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea erabiliko dute liburua eskuratzeko, batzuek beren herrietan eta besteek mailegatuta, beste herrietako liburutegietatik.

joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2010/02/06

Zelan lerratu testua

Aurrekoan, blogak sortzen ari ginela, ikasle batek galdetu zidan zelan justifika zitekeen testua, berak horrela nahi zuela-eta. WordPressek agerian, behintzat, ez du ematen aukera hori. Dena dela, erantzun nion zergatik nahi zuen justifikatu, testua ezkerrera lerratuta hobeto geratzen dela. Ezetz, berak, ezkerrera lerratutako testua itsusia dela.

Gure inguruko enpresetan, eta unibertsitate honetan bertan ere bai, oso sartuta dago testuak (txostenak, lan akademikoak, gutunak, etab.) justifikatuta aurkeztu behar direla. Testuok ezkerrera lerratzea akats larritzat jotzen da. Eta ni ez nago ados.

Zenbait kasutan —letratipoaren tamainaren arabera eta hitzak oso luzeak direnean, adibidez—, testua justifikatzerakoan errekak sortzen dira, letren arteko hutsune handiak, hautsi egiten dutenak irakurketa eta itsusitu egiten dutenak testua. Testuok euskaraz direnean, are eta erreka gehiago agertu ohi dira, euskarak hitz luze asko sortzen dituelako, bere egituragatik. Behekoa da erreka eredu tipiko bat. Hemen dituzue beste bi: [1] eta [2].

Tipografoek eta tipografian aditu samarrak direnek ondo erabil dezakete testu justifikatua, badakitelako zelan kontrolatu arazoak. Gutariko gehienok, berriz, ez dakigu, eta hobe dugu gure dokumentuak ezkerrera lerratu. Horrela eginda, gainera, inoiz ez zaigu errekarik agertuko.

joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2010/02/03

Talde bikaina

Hauek dira ikasleak, bigarren lauhileko honetan nirekin Proiektua 2.0 egingo dutenak. Lehen mailan ari dira, Ikus-entzuneko komunikazioan. Oraingoz, fin dihardute lanean. Pozik nago eurekin.

joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2010/02/02

Taldearen demografia

Jakin guran zelako taldearekin egin behar dudan lan, kalkulagailua atera eta zenbait numero egin ditut.

Generoa
Generoari dagokionez, neskak dira nagusi talde honetan, gutxiagatik bada ere:

  • Neskak: %51,5
  • Mutilak: %48,5

Lurraldetasuna
Ikasleen jatorrizko herrialdeak aztertuz gero, berriz, bi puntu azpimarratzeko: 1. hamarretik zazpi gipuzkoarrak dira. 2. Aurten Iparraldekorik ez da etorri:

  • Gipuzkoa: %70
  • Bizkaia: %21
  • Araba: %6
  • Nafarroa: %3

Herriz herri
Historikoki, Debagoieneko ikasleak izan dira nagusi, baina ez aurten, ikasle guztien %18 baino ez baitira bertakoak. Bestela esanda, nagusi bai, baina harrokeria barik. Bestetik, ikasle gehien dituzten herriak dira Donostia (5 ikasle) eta Tolosa (5 ikasle).

joxearanzabal-(e)k argitaratua | 2010/01/31

Ikaslea irakasle

Joan den ostegunean, eskola amaitutakoan, nire gauzak jasotzen ari nintzela, ikasle bat inguratu zitzaidan, eta barkamena eskatuta ausardiagatik, ohartarazi zidan nik erakutsitako aurkezpen batean akats ortografiko bat zegoela: “ondare” barik, “hondare” jartzen zuela.

Eskerrak eman nizkion akatsaz ohartarazteagatik, eta erantsi ez zuela zertan barkamena eskatu.

Ez da seinale ona irakasleak horrelako hanka-sartzeak egitea, baina bai ikasleek konfiantza izatea norbera ohartarazteko.

Older Posts »

Atalak